ASTEKLIMA, Klima eta Energiaren Astea, itzuli da trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatzeko

2021/07/12

ASTEKLIMA, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, datorren irailean itzuliko da herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko. Pandemiaren ondorioz 2020an bertan behera utzi ondoren irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean egingo du bigarren edizioa. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du ekimen hori, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez.

ASTEKLIMA hiru lurralde historikoetako jarduera-egutegi zabala eskaini nahi die herritar guzti-guztiei. Horretarako, Ihobe sozietate publikoak 50.000 euro bideratuko ditu Euskadiko udal eta toki-erakunde publikoetara, beren udalerrietan herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak gauzatu ditzaten.

Udal eta toki-erakundeetarako laguntzen deialdi horren bidez, ekimen ugari lagunduko dira diruz, hala nola hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, erakusketak, ipuin-kontaketak, zinema, antzerkia, bideo- edo argazki-lehiaketak, bisita gidatuak edo ate irekien jardunaldiak. Euskadiko udal, eskualde-bulego, mankomunitate, kuadrilla eta garapen-agentzia guztiek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek. Dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute soilik 2021eko irailaren 24aren ondoren hasi eta 2021eko urriaren 3an amaituko diren ekintzak.

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 26tik 2021eko irailaren 10era bitartean egongo da zabalik, eta eskabide guztiak telematikoki izapidetuko dira. Laguntzen deialdi honi buruzko informazio guztia Ihoberen webgunean dago eskuragarri.

Ehun jarduera 2019an

ASTEKLIMAren lehen edizioan, 2019ko martxoan, ehun jarduera inguru antolatu ziren Euskal lurralde osoko hainbat tokitan, herritarrak klima-aldaketaren aurkako konpromiso pertsonalera mugiaraztea, aintzat hartuta ekintza orok, txikia izan arren, bere garrantzia duela.

2019ko edizioan, 6.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, 64 ekitalditan eta 47 udalerritan, hainbat ekimenekin. Martxoaren 6tik 8ra Donostian egindako Change the Change Nazioarteko Klima Aldaketaren Konferentzia izan zen asteko ekitaldi nagusietako bat.