Euskadik lurzoruaren babesari modu integralean heltzen dion lehenengo estrategia izango du

2022/06/08

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia onartu du, hau da, lurzoruaren kudeaketari modu integralean heltzen dion lehenengo estrategia, lurzoru kutsatuetan lan egiteko ikuspegi tradizionala gaindituz; izan ere, Euskadi horren erreferentzia bat da europar eremuan. Era horretan, estrategia aurrendari bihurtzen da bere ikuspegiagatik, bai Euskadin eta bai Estatuan. Europaren kasuan, estatu edo eskualde bakar batzuek soilik –adibidez: Suitza, Eskozia, Gales eta Holanda- dituzte horrelako politikak lurzoruaren kudeaketa integralerako.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatu eta erakunde ugariren parte-hartzearekin gauzatu den Estrategia honek helburu handinahi bat ezartzen du, alegia, ingurune horren degradazioa mendearen erdirako eragoztea, neutroa izateraino; eta, aldi berean, beraren kontserbazioa bermatzea biodibertsitaterako eta pertsonentzako osasunaren ikuspuntutik.

Dokumentuak onartzen du giza jarduerek badutela eragina lurzoruaren kalitatean, eta garapen sozial eta ekonomikoak haren erabilera dakarrela nahitaez. Testuinguru horretan, bi helburu nagusi ezartzen dira: alde batetik, lurzoruaren okupazioa minimizatzea, jadanik antropizatuta dauden lurzoruak balorizatzearen bidez, hau da, giza jardunak aldatutako lurzoruak balorizatzearen bidez; eta, bestetik, lurzoru birjina erabiltzearen efektuak konpentsatzea, degradazio-prozesuak pairatu dituzten lurzoruak lehengoratzeko beharra ahaztu gabe.

Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiak bost helburu estrategiko definitzen ditu: lurzoruaren kontsumoa murriztea; beraren okupazioaren kudeaketa; inpaktu kaltegarrien kontrako babesa; degradatutako lurzoruak lehengoratzea, haien berezko funtzioak berreskuratzeko xedez, haien kokagunea kontuan hartuta; eta kudeaketa eta erabilera jasangarriaren bidezko babesa, horretarako prestatutako profesionalen eta sentsibilizatutako herritarren eskutik.

Halaber, Estrategiak finkatzen duen ikuspegia da Euskadiko lurzoruak modu jasangarrian kudeatuta egotea 2050erako, horren bidez lurzoruaren osasuna eta funtzioak epe luzera bermatuz, etorkizuneko belaunaldiek erabili ditzaten.

Helburu hori lortzeko, 2022-2030 aldirako jasotako aurrekontu operatiboa 137,5 milioi eurokoa da, eta dokumentuan aurreikusitako 69 jarduerak garatzera bideratuko da.

Euskadiko lurzoruaren diagnostikoa

Estrategia hau lantzeko, Euskadiko lurzoruen egoerari buruzko aurretiko diagnostiko bat egin da, besteak beste alderdi hauek aztertuz: higadura, lurzoruren materia organikoa, artifizialiazioa/hirigintza-kalifikazioa, azidifikazioa, kutsadura, gazitzea, trinkotzea, biodibertsitatearen galera, desrtifikazioa, irristadurak eta mantenugaien desoreka.

Diagnostikoan agerian jartzen da higadurak Euskadiko lurzoruei dakarkien mehatxua, eta, hortaz, adierazten da beharrezkoa dela higaduraren baldintzatzaileak lurraldean esku-hartzeko edo lurraldea kudeatzeko politika orotan txertatzea. Diagnostikoak jasotzen du, halaber, Euskadiko lurzoruetako materia organikoaren erreserbak egonkortu edo areagotu behar direla, elementu estrategiko gisa, bai lurzoruen osasuna eta klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia hobetzeko eta bai berotegi-efektuko gasak murrizten laguntzeko.

Diagnostikotik ateratzen den beste datu bat da kutsatuta egon daitezkeen kokagune inbentariatu guztien % 20 merkatura itzuli dela haien gainean esku hartu ondoren, hots, haien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko esku hartu ondoren.

Beste alde batetik, agerian jartzen da beharrezkoa dela arreta berezia zuzentzea lurpeko urak dituzten 1.568 hektareetara. Bukatzeko, lehorte-aldien hazkundeak –Euskadikorako klima-aldaketaren eskualde-agertokien arabera aurreikusita- desertifikaziorako arriskua areagotu lezake lurralde osoan, neurri desberdinetan, Arabako hegoaldea arrisku handiena duen eremua izanik. Aldi berean, irristaduren hazkunde teoriko bat espero da, berokuntza globalaren eta giza eragimen handiagoaren ondorioz muturreko prezipitazioek izango duten igoeragatik.

69 jarduera biltzen dituen ekintza-plana

Euskadiko lurzoruen oraingo egoeraren diagnostikoa egin ondoren, eskumenak dituzten administrazio eta erakunde publikoen eta inplikatutako beste eragile batzuen lankidetzarekin, 69 ekintza definitu dira lehenengo ekintza-planerako, Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategiaren hedapenaren abiapuntu gisa.

69 ekintza horiek 7 jarduera-eremutan sailkatzen dira: zeharkako ekintzak; lurralde-plangintza; nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza; lurzoru naturalak; jatorri industrialeko lurzoru kutsatuak; lur induskatuak eta ekonomia zirkularra; eta klima-aldaketa arintzea eta berari egokitzea.

Aurreikusitako jardueretako bat da hutsik dauden lurzoru degradatuak lehengoratzeko eta berrerabiltzeko politika bat abiatzea, lurzoru kutsatuen 400 hektarea lehengoratu ahal izateko. Sprilur eta Ihobe erakunde publikoen ekintza bateratua kutsatutako lurzoru historiko nagusien berreskurapena bultzatzen ari da. Bizkaiaren kasuan, honako hauek dira aipatzekoak: Santurtziko eremu batzuk; Burtzeña, Barakaldon; Inama, Muxikan, eta Plaia Barri edo Sakoni, Erandion. Gipuzkoan: La Herrera, Pasaian; Oikia, Zumaian; edo Arcelor Mittal, Zumarragan.

Ekonomia zirkularraren ikuspegitik, beharrezkoa da induskatutako lurren berrerabilpena eta balorizazioa sustatzea, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten kokaguneetan, lurzoruaren kalitatearen bateragarritasun-irizpideak kontuan hartuta. Kasu horietako bat da Ibarzaharra, Trapagaran eta Sestaon gauzatzen ari dena. Babcock-Wilcoxen antzinako instalazioen kokagunea jarduera berriak sustatzeko berreskuratu ondoren, beharrezkoa izan da lurraren kota 3 metro inguru igotzea, batez ere uholdeak gertatzeko arriskuagatik. Kota hori igo ahal izateko, erabilitako lurren parte baten jatorria lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak jasan dituzten beste kokagune batzuetako proiektuetatik soberan geratu diren lur induskatuak izan dira; era horretan, zabortegira eramatea saihestu ahal izan da.

Beste alderdi garrantzitsu bat da zer-nolako potentziala duen lurzoruak klima-aldaketaren erronkari heltzeko, karbonoa lurzoruaren bitartez xurgatzeko ahalmenagatik. Neikerretik, lurzoruan xurgatutako karbonoa kuantifikatzeko lanetan ari dira, beraren karbono-finkapena hobetzeko neurri aktiboak ezarri ondoren. Neurri horien adibide on bat hirien inguruko espazio batzuen lehengoratzea da, hala nola Tonpoiren kasua, Bermeon; Artikutzako presaren birnaturaliazioa, Donostian; edo Aramangelu/Basaldeako nekazaritza-parke ekologikoan esku-hartzearen xede izaten ari diren lurzatiak, Gasteizen.

Azkenik, estrategia zeharkako eremuetatik hedatzeak lurzoruaren osasunaren jarraipenerako sare bat abiatzera eramango du, Euskadiko lurzoruen mapa egitetik abiatuta; halaber, kanpaina eta jarduerak egingo dira gizarte osoa sentsibilizatzeko eta lurzoruaren kudeaketa jasangarrian inplikatzeko.