Gipuzkoako Foru Aldundia basoak lehengoratzen ari da lurraldearen erresilientzia indartzeko

2026/2/9

Antzuolan, Zegaman eta Soraluzen egindako ekintzen bidez bertako 11.000 zuhaitz landatu dira eta 17 hektarea baino gehiago leheneratu dira, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Antzuolan, Zegaman eta Soraluzen basoak lehengoratzeko ekintzak egin ditu, lurraldeko azpiegitura berdea hobetzeko. Guztira, 17 hektarea baino gehiago leheneratu dira eta bertako 11.000 zuhaitz inguru landatu dira, eta horrela, hiria eta landaren arteko lotura, lurzoruaren babesa eta klima-aldaketarako egokitzapena indartu dira. 

Hiru jarduketak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren C.4.2 ekintza (Lurraldearen erresilientzia hobetzeko funtsezko azpiegitura berdea) barruan egin dira, eta Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sarearen proposamenarekin bat datoz. Ekintzak egiteko, hiru udalek ere lagundu dute. 

Antzuolako ingurumena leheneratzea 

Arrolan (Antzuola) 8 hektarea baino gehiagoko lursaileko ingurumena leheneratu da. Bertako zuhaitzak duela urte batzuk moztu ziren eta orain arte ez da tokia leheneratzeko ekintza antolaturik egin. Ekintza horri esker, baso autoktonoa sendotu da, haritza, lizarra eta haltza bezalako 3.800 espezie landatuz. Gainera, horren ondorioz, lurzoruaren kalitatea, biodibertsitatea eta ekosistemak klima-aldaketara egokitzeko duen gaitasuna hobetuko direla espero da. 

Zegaman irristatze batean mugitu diren lurrak basotzea 

Zegamako udalerrian, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan, jatorri naturaleko lur-mugimendu handi batean mugitu diren lurretan basoa lehengoratu da. 3.100 zuhaitz autoktono inguru — batez ere pagoa, haritza eta urkia — landatu dira 3 hektarea baino gehiagoko lursailean, eta basoberritze horren bidez lurra egonkortu, higadura eta azaleko isurketak murriztu, paisaiaren gaineko eragina txikiagotu eta ingurutik dabiltzan pertsonen segurtasuna hobetu nahi da. 

Soraluzeko baso-lursailak lehengoratzea 

Soraluzen, bestalde, zura ekoizteko erabili diren bi baso-lursail lehengoratu dira, Muskiritsu mendilerroaren hegoaldeko isurialdean. Ekintza horri esker, 5 hektarea baino gehiago lehengoratu dira, bertako 3.800 zuhaitz inguru landatuz. Horren ondorioz, basoaren birsorkuntza, lurzoruaren babesa (kalitatezko landare-estalki iraunkorra jarriz) eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna hobetuko dira.