Gipuzkoako Foru Aldundiak klima-aldaketaren ondorioz gertatzen diren irristatzeen aurrean lurraldeak duen esposizioa ebaluatu du

2025/02/20

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren lehen fasean egindako azterketak suszeptibilitate- eta arriskugarritasun-mapak garatzen ditu, eremu ahulenak identifikatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten bat argitaratu du, klima-aldaketaren agertokietan gertatzen diren masa-irristatzeen eta fluxuen aurrean lurraldeak duen esposizioa aztertzeko. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren A.2 EAEko klima-arriskuaren analisia zabaltzea ekintzaren barruan dago azterketa, eta proiektuaren lehen fasean egin da.

Datu historikoak eta 2011tik 2100era bitarteko epealdiak hartzen dituzten proiekzio klimatikoak hartu ditu kontuan azterketak. Proiekzio horietatik abiatuta, azterketak suszeptibilitate- eta arriskugarritasun-mapak garatu ditu, lurraldeko eremu ahulenak identifikatzeko.

Irristatze horien eragina ulertzeko, arriskugarritasun handiko eremuetatik zeinen gertu dauden ebaluatzen ditu eremuak txostenak. Behin betiko arrisku-mapa ezartzea konplexua izan arren, arrisku-azterketa kualitatiboa egitea lortu da, eta, horri esker, arrisku handieneko eremuak hauteman daitezke. Aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da RCP 8.5 agertokian (erreferentziazko igorpenen agertoki altuena) epe laburrean arriskugarritasuna asko handituko dela aurreikusten dela, ondorengo hamarkadetan egonkortuko delarik.

Etorkizunerako proposamenak

Erronka metodologikoen eta eskura dauden datuen mugaren aurrean, txostenak etorkizuneko hainbat lan-ildo iradokitzen ditu. Hala, Gipuzkoako irristatzeen inbentario espezifikoa sortzeak azterketa zehatzagoa egiteko aukera emango luke. Halaber, gomendatzen da suszeptibilitate-mapak garatzea diziplina anitzeko talde baten laguntzarekin, egungo eredu klimatikoen bereizmena hobetzea eta lurzoruen lodieraren kartografia zehatza garatzea.

Azkenik, egungo analisi-algoritmoa neurona-sareetan oinarritutako batez ordeztea planteatzen du txostenak, eta horrek nabarmen hobetuko luke emaitzen zehaztasuna. Gomendio horien helburua da Gipuzkoak tresna zehatzagoak eta eguneratuagoak izatea klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, eta, hala, lurraldearen erresilientzian eta segurtasunean laguntzea.