Ihobek Euskadiko itsasertza klima-aldaketara egokitzeko lan egiten duten eragile nagusiak bildu ditu
2024/10/22
Aurreikuspenen arabera, itsasoaren mailak 26 cm egingo du gora 2050erako; eta 51 cm eta metro bat artean 2100. urterako.
‘Euskadiko kostaldearen egokitzapena klima-aldaketaren aurreko defentsa bezala’ izeneko jardunaldiak hiri-plangintzaren eta kostaldearen kudeaketaren arloetako aditu eta arduradunak bildu ditu Bilbon, euskal kostaldean klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko aukerak aztertzeko.
Jardunaldian zehar, Ihobek idatzi duen ‘Klima-aldaketarako egokitzapena Euskadiko kostaldeko hiri-plangintzan’ koadernoa aurkeztu da. Honek, funtsezko irizpideak eskaintzen ditu klima-osagaia kostaldearen hirigintza-plangintzan txertatzeko.
LIFE Urban Klima 2050 proiektuak eta Ihobek bultzatu duten saio hau urriaren 18tik 27ra arte garatuko den ASTEKLIMA 2024, Euskadiko Klima eta Energiaren astearen barruan egin da.
Klima-aldaketaren eraginak dagoeneko nabariak dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta bereziki esanguratsuak dira biztanleriaren % 60 baino gehiago hartzen duen gure kostaldean. Itsasoaren mailaren gorakada, tenperatura altuagoak eta maizago gertatzen diren muturreko meteorologia-fenomenoak erronka konplexua bilakatu dira, ekintza koordinatu bat eskatzen duena.
Norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko xedearekin, Bilboko Euskalduna Jauregiak ‘Euskadiko kostaldearen egokitzapena klima-aldaketaren aurreko defentsa bezala’ izeneko jardunaldia hartu du gaur goizean. Saioa Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak antolatu du, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren laguntzarekin. Urriaren 18tik 27ra arte garatuko den ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen 5. edizioaren barruan egin da jardunaldia.
Jardunaldian zehar, hiri-plangintzan eta kostaldearen kudeaketan aditu eta arduradun diren pertsona ezberdinek klima-aldaketarako egokitzapena Euskadiko kostaldearen antolamenduan eta plangintzan bilduriko politika, plan eta estrategietan txertatzeko egon diren aurrerapenak aurkeztu dituzte. Saioan, halaber, kostaldea egokitzeko neurriei dagokienez egon diren jardunbide egokiak eta kasu arrakastatsuak ere aurkeztu dira.
Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok eman dio hasiera jardunaldiari eta Euskal Autonomia Erkidegoak kostaldearen egokitzapenarekiko duen konpromisoa nabarmendu du: “lehentasun bat da eta, horretarako, ezagupena sortzen duten eragileen erakundeen sare sendo bat dugu, bai eta fenomeno honekiko sentsibilizazio handia agertzen duen biztanleria bat ere, aurrekoa bezain garrantzitsuena dena”. Botok, halaber, klima-aldaketaren eraginei aurrea hartzeko beharra ere azpimarratu du, “egokitzapen- eta arintze-neurri eraginkorrak gauzatuz biodibertsitatearen galerari, osasunerako arriskuei eta kalte iraunkorrei kontra egin ahal izateko”.
Kostaldearen egokitzapena eta hirigintza-praktika
Jardunaldian zehar, Ihobek idatzi duen ‘Klima-aldaketarako egokitzapena Euskadiko kostaldeko hiri-plangintzan’ koadernoa aurkeztu da. Dokumentu honek, bilduma baten lehen alea dena, funtsezko irizpideak eskaintzen ditu klima kostaldearen hiri-plangintzan txertatu eta Euskal Autonomia Erkidegoak klima-aldaketaren eraginen aurrean egokitzeko duen gaitasuna hobetzeko xedearekin. Gida praktiko bat da, tokiko erakundeek klima-aldaketa beren antolamenduan txerta dezaten, arreta konponbide naturalei eta hiri-plangintza erresiliente bati eskainiz.
Dokumentuaren helburuak ondokoak dira, besteren artean: klima-egokitzapena euskal kostaldearen hirigintza-plangintzan txertatzea, itsasoaren mailaren gorakadak eta klima-aldaketaren beste eragin batzuek kostaldeetan izango dituzten inpaktuak arintzea edo lurraldearen erresilientzia hobetzea hiri-plangintzan aurreratze-ikuspegi bat txertatuz.
Txostenak azaltzen duen bezalaxe, euskal kostaldeak klima-aldaketari loturiko eraginak ditu aurrean eta, egungo eszenatoki eta proiekzioen arabera, mailaz mailako zenbait eraldaketa egin beharko dira, bai ingurune eraikian bai natura-ingurunean. Alderdi kezkagarrienetako bat da uholdeak sortu, ekosistemak aldatu edo kostaldea higatzen duten muturreko klima-gertakarien maiztasun eta larritasun handiagoa.
Arazo horri gizakien eragina gehitzen zaio, kostaldearen urbanizazio eta industrializazioarekin, bai eta biztanleriaren eta azpiegituren kontzentrazioa ere, espazio horren gehiegizko okupazioa ekarri duena. Eta, halaber, kudeaketa-estrategia eraginkorrak exekutatzea zail bihurtzen duen administrazio-zatiketa handia ere. Egoera horren aurrean, aurrea hartzearen eta arriskuak kudeatzearen eta egokitzapen-estrategiak sustatzearen aldeko apustua egin du Euskal Autonomia Erkidegoak azpiegituren, bitarteko ekonomikoen eta ingurune horretan bizi diren komunitateen segurtasuna bermatzeko.
Horretarako, eta dokumentuak aurrera egin ahala, lurralde-antolamenduaren eta hirigintza-plangintzaren eginkizuna erabakigarria bilakatzen da. Eta bide horretan aitzindari da dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoa, klima-aldaketaren ikuspegia lurraldea antolatzeko eta hirigintza planifikatzeko instrumentuetan txertatu baitu. Zentzu horretan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG), eta Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPN) berrikusi dira, besteak beste; eta Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPP BM) eta Itsasertzaren Lurralde Plan Sektoriala eguneratzen ari dira..
Proposaturiko estrategiak hiru neurri mota ditu ardatz: egiturazkoak, instituzionalak eta sozialak. Lehenen artean daude ingeniaritzaren arlokoak, naturan oinarritutako konponbideak, neurrizko teknologien aplikazioa eta ekosistemen eta beren zerbitzuen erabilera egokitzapen-beharrak asetzeko. Neurri instituzionalek ekonomia-instrumentu, lege, araudi eta gobernu-politika eta -programez baliatzen dira garapen jasangarri bat bultzatzeko. Eta, azkenik, neurri sozialek hezkuntza-, informazio- eta portaera-estrategiak hartzen dituzte barne, komunitate erresilienteak garatzeko xedearekin.
Egokitzapen-proiektuak EAEn
Euskal Autonomia Erkidegoak aurrerapauso handia eman du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legearen eskutik. Horren arabera, klima-neutralitatea 2050. urtea baino lehen lortu beharko da eta klima-aldaketaren arintzea eta horrekiko egokitzapena lehenesten dira. Eusko Jaurlaritzak eta Ihobe, Ingurumen Jarduketarako bere Sozietate Publikoak, halaber, egokitzapen- eta arintze-neurrien aldeko apustu irmoa egin dute LIFE IP Urban Klima 2050 izeneko proiektuaren bitartez. Azken honen jarduketa pilotuen artean kostaldean esku hartzeko ekintzak daude. Zehazki, padurak sortzen ari dira Bakioko (Bizkaia) zenbait hirigunetan uholdeen aurreko babesa areagotzeko; Tonpoi inguruko naturagunea berroneratu da Bermeon (Bizkaia); eta Zarauzko (Gipuzkoa) hiri-kostaldea babestu eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak aztertu dira.
Ondokoak, esaterako, beste neurrietako batzuk dira: alerta goiztiarreko sistemak bideometriaren bidez hobetzea; Txingudiko badia birnaturalizatzea Regions4Climate proiektuaren laguntzarekin; edo karbono urdineko azterlanak, karbonoa itsasoko habitatetan xurgatzeko potentziala aztertzen dutenak.
Kostaldea egokitzeko aplikatu diren erremintak eta kasuak
Jardunaldian Kostaegoki txostena bezalako erremintak aurkeztu dira. Aipatu txostena Ihobek garatu du, arreta kostaldearen kalteberatasunari eta arriskuari eskainiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean uholdeak eta higadura ekar ditzaketen inpaktuen eta arriskuen inguruko informazioa eskaintzen du. Erreminta honek jaso dituen datuek etorkizunaren ikuspegi bat eskaintzen dute honezkero eta aurreikuspenen arabera, itsasoak 26 cm egingo du gora, euskal kostaldean, 2050erako; eta 51 cm eta metro 1 artean 2100. urterako.
URA, Uraren Euskal Agentziak eman duen ponentziak kostaldean dagoen uholde-arriskua kudeatzeko euskal administrazio hidraulikoak ezarrita dituen estrategiak azaldu ditu. Eusko Jaurlaritzatik ere, Itsasertzaren babes eta antolamendurako Lurralde Plan Sektorialean (LPS) egondako aurrerapenak aurkeztu dira. Izan ere, aipatu plana klima-ikuspegitik berrikusi baita, lurralde-eredu egokitu eta erresiliente baterantz aurrera egiteko. Bestalde, kostaldea klima-aldaketarako Euskal Autonomia Erkidegoaren hiri-plangintzatik egokitu ahal izateko Tecnaliak egin duen azterlana azaldu da. Eta, azkenik, IHCantabria erakundetik Kostaldeko Eremuen Kudeaketa Integratua azaldu da, klima-egokitzapenerako funtsezkoa den erreminta gisa.
Jardunaldiaren bigarren zatian jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten zenbait proiektu aurkeztu dira: Horizon Regions4Climate proiektua (Toscana Eskualdea, Italia), konponbide berritzaileak garatzen dituena kostaldeko komunitateen klima-erresilientzia sustatzeko; dunen garrantzia Orioko kostaldea babesteko; AZTIk garatu dituen itsasoa monitorizatzeko eta egokitzapena bultzatzeko lanak; edo kostaldea egokitzeko eta hirigintza-plangintzarekin koordinatzeko neurriak Bakion; Iparraldeko arrakasta-kasuak; Natura 2000 Sareko bost gune babestutan egokitzeko neurriak; Euskalmeteko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren larrialdi-abisuen sisteman kostaldeko itsas eraginak; eta Azoreetako kostaldeko kalteberatasunari buruzko azterlana