Ihobek Euskadiko lurralde plangintzan egiten dituen gobernantza ekintzak eta tokiko konponbideak nabarmendu ditu Bartzelonan

2024/11/08

Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak klima-aldaketarako egokitzapenari eta naturalizazioari buruzko mintegi teknikoan parte hartu du, eta bertan LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren zenbait ekintza aurkeztu du.

Iñigo Urrutikoetxea Álvarez Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikariak parte hartu du ostiral honetan, azaroak 8, Bartzelonako Aldundiak, Jasangarritasuneranzko Hiri eta Herrien Sareak eta Bartzelonako Metropoli Areak antolatutako ‘Klima-aldaketarako egokitzapenari eta naturalizazioari buruzko mintegi teknikoen zikloan'.

Zehazki, Urrutikoetxeak ‘Espainiako hiri eta herrietan arrakasta izan duten naturalizazio kasuak’ izeneko saioan hartu du parte, 'Euskadiko lurralde plangintzaren gobernantza eta tokiko konponbideak’ hitzaldiarekin. Bere hitzaldian, Ekintza Klimatikoko teknikariak klima-aldaketaren ondorioz Euskadin dauden arriskuetako batzuk zehaztu ditu, eta klimara egokitzeko lurraldeak egin duen ibilbidea eta hartu duen konpromisoa nabarmendu ditu.

Erronka horiei aurre egiteko, Urrutikoetxeak azaldu du Euskadik tresna eta mekanismo sendoak dituela. Horietan, maila anitzeko gobernantzak funtsezko zeregina betetzen du, eta administrazioaren zenbait mailak parte hartzen dute.

Horrela, bere aurkezpenean, lurraldearen egokitzapen-gaitasuna indartzen duten hainbat baliabide azaldu ditu. Esaterako, Klimatek proiektuak; proiektu horietan, Euskadiko agertoki klimatikoak erregionalizatu dira, eta azpiegitura kritikoei, ur-baliabideei edo karbono urdinaren hustubideei buruzko ezagutza zabaldu da. Diagnostikorako tresna klimatikoak ere badaude, hala nola agertoki klimatikoen bisorea, udal kalteberatasun eta arrisku fitxak, edo Kostaegoki bisorea, euskal kostaldeak itsas mailaren igoeraren aurrean duen kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko.

Gainera, bere hitzaldian, Urrutikoetxeak ekintzan laguntzeko zenbait tresna klimatiko aurkeztu ditu, hala nola Naturan Oinarritutako Konponbideei buruzko jardunbide egokien gidak, edo Klima eta Energia plan lokalak egiten laguntzeko gida. Ekintza klimatikoa hedatzeko beste baliabide batzuk tokiko erakundeentzako dirulaguntzak dira; klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proiektuak garatzeko 72 milioi euro baino gehiago. Laguntza horien ondorioz, tokiko ekoberrikuntza klimatiko proiektuak sortu dira, eta, horiei esker, 67 klima eta energia plan eta naturan oinarritutako konponbideak (NBS) erabiltzen dituzten ia 100 proiektu garatu izan dira Euskadiko udalerrietan.

Ondoren, Ekintza Klimatikoko teknikariak lankidetza proiektuen garrantzia nabarmendu du, hala nola LIFE IP Urban Klima 2050. Proiektu hori gobernantza klimatikoan elkarrekin egindako lanaren adibide da, administrazio publikoaren hainbat mailak, ikerketa zentroek eta klima-aldaketari aurre egiteko eskumenak dituzten agentzia publikoek elkarrekin lan egin baitute. Gainera, proiektu horren esparruan martxan jarritako zenbait ekintza aurkeztu ditu ere, hala nola Bermeoko Tonpoiko naturgunea jendeak erabiltzeko berreskuratzea; Bakion uholdeen aurka babesteko eta Estepona ibaiaren ingurumena hobetzeko aurreikusitako jarduerak; eta Donostiako Artikutza presaren naturalizazioa.

Ihobek beste proiektu eraldatzaile batean ere lan egiten du, Regions4Climate, lankidetzaren bidez erresilientzia klimatikorako trantsizio justua lortzeko. Lankidetza horren ondorioz, ekintza zehatzak egiten dira, hala nola Txingudiko badia (Irun) lehengoratzea, horrela erresistentzia klimatikoa handituz.

Arau esparruari dagokionez, Urrutikoetxeak Euskadiko Trantsizio energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Lege berria eta lege horrek 2025aren hasierarako aurreikusten duen 2050erako Bide Orria nabarmendu ditu. Horiek egokitzapenerako esparru egonkor eta handinahia izango baitira energia eta klima helburuetan aurrera egiteko.