Ihobek Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu du klimarekiko erresilienteak diren paisaiak lortzeko adibide gisa, Tecnaliak antolatutako europar tailer batean
2025/11/5
Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikari Iñigo Urrutikoetxea Alvarezek Tecnaliak antolatu zuen "Designing Climate Resilient Landscapes in Europe" izeneko lau tailerretako bigarrenean hartu zuen parte. Bere hitzaldian, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez bultzatutako klima-aldaketara egokitzeko ekintza nagusiak aurkeztu zituen.
Bilera urriaren 28an eta 29an egin zen Tecnaliaren egoitzan, eta Europako Batzordeko Klima Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak (DG CLIMA) sustatu zuen. Europa osoko adituak bildu ziren bertan, klima-aldaketari egokitzen diren paisaiak sortzeko esperientziak partekatzeko. Gainera, lurraldeak klimara egokitzeko neurriak diseinatzeko eta ezartzeko laguntza-gida bat egiteko ere balio izango du tailerra.
“Klimarekiko erresilienteak diren paisaiak lortzeko neurriak. Euskal kasua” izenburupean, Urrutikoetxeak Euskadik ekintza klimatikoaren arloan egindako ibilbidea aurkeztu zuen, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua lurraldean egokitzapena hedatzeko tresna nagusietako bat dela azpimarratu zuen.
Proiektuaren lan-ildoak sei ardatzen inguruan azaldu zituen: aurretiazko plangintza energetiko-klimatikoa aztertu; klimaren ikuspegia lurraldearen eta sektoreen plangintzan sartu; hiri, ibai eta itsasertz eremuetan ekintza pilotuak egin; herritarrak eta administrazioa ahaldundu; gobernantza klimatikoa hobetu; eta garatutako irtenbideen eragina handitu.
Adibide zehatzen artean, hauek aipatu zituen: Tonpoiko ingurune naturalaren (Bermeo) leheneratzea, Artikutzako urtegiaren (Donostia) naturalizazioa, Zarauzko itsasertzeko aurrealdea egokitzeko ezarriko diren neurriak edo Punta Zorrotzako (Bilbo) hiri-plangintzan klima-aldaketa kontuan izana.
Eusko Jaurlaritzako, Europako hainbat eskualdetako eta Euskadiko nahiz Europako ikerketa-zentroetako ordezkariek ere parte hartu zuten tailerrean, eta lurralde jasangarriago eta erresilienteagoak lortzeko erronka eta aukerei buruz eztabaidatu zuten.

