Klima aldaketak Europako osasun publikoan eragiten dituen inpaktuak zehazten ditu ‘Lancet Cuntdown on Health and Climate Change’ txostenak

2024/05/22

Dokumentua osatzeko lanean 69 zientzialarik parte hartu dute eta 42 adierazle jaso dira. Ondorioek ohartarazten dutenez, “aurrekaririk gabeko berotze batek aurrekaririk gabeko ekintza bat eskatuko du”.

Txostenak klima aldaketak eragindako desorekak nabarmentzen ditu: hilkortasun bikoitza emakumeen artean, elikagaien segurtasun falta handiagoa diru sarrera txikiak dituzten etxeetan, edo baso sute gehiago premia handieneko eremuetan.

Klima aldaketak Europako osasun publikoan eragiten dituen inpaktuak zehazten ditu 2024ko ‘Lancet Countdown on Health and Climate Change’ txostenak. Dokumentua The Lancet Public Health aldizkari zientifikoan argitaratu dute. 69 zientzialarik parte hartu dute haren lanketan eta 42 adierazle jaso dituzte. Dokumentuak ohartarazten duenez, neurri gehigarririk gabe, ondorio negatiboak nabarmen handituko dira eta, beraz, “aurrekaririk gabeko berotze batek aurrekaririk gabeko ekintza bat eskatuko du”.

Txostenak ohartarazi du Europan tenperaturak batezbestekotik gora igotzen ari direla, eta horrek klima aldaketak osasunean dituen ondorio kaltegarriak areagotzen dituela. Hainbat mehatxu espezifiko identifikatu dira, hala nola gaixotasun infekziosoak areagotzea (adibidez, dengea eta Mendebaldeko Niloko birusa), muturreko beroarekiko esposizio handiagoa eta osasun mentalean ondorioak izatea hondamendi naturalen eta klima aldaketa zakarren ondorioz.

Gainera, txostenak nabarmentzen du zeinen garrantzitsua den egokitzapen eta erresilientzia neurriak hartzea. Ildo horretan, naturan oinarritutako soluzioak ezartzearen aldeko apustua egiten du, hala nola basoak eta hezeguneak kontserbatzea eta hiriko berdeguneak sortzea. Neurri horiek klima egokitzen eta arriskuak murrizten laguntzeaz gain, hala nola bero boladak eta uholdeak, karbonoa harrapatzen ere laguntzen dute.

Osasun desorekak eta justizia klimatikoa

Bestalde, dokumentuak klima aldaketaren ondorioek eragindako desorekei erreparatzen die, eta ekintza klimatikoko politikek herrialdeen artean eta herrialde barruan dauden desberdintasunei heltzeko beharra azpimarratzen du, komunitate zaurgarrienak babestuko dituen ingurumen trantsizio justua ziurtatzeko asmoz.

Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, beroarekin lotutako hilkortasuna bi aldiz handiagoa izan zen emakumeetan gizonetan baino, diru sarrera txikiak zituzten etxeek elikagaien segurtasunik eza esperimentatzeko probabilitate nabarmen handiagoa zuten, dieta desorekatu bati egotz dakizkiokeen heriotzak handiagoak izan ziren emakumeen artean, eta baso suteen esposizioa handiagoa izan zen premia handieneko eremuetan.

Txostenak azpimarratzen du, halaber, Europak krisi klimatikoan duen zeregina aitortu eta erantzukizun globala bere gain hartu behar duela, gehien kaltetutako komunitateei lagunduz.

Txosten hau ikerketa erakundeen eta Nazio Batuetako erakundeen arteko diziplina anitzeko lankidetza ahalegin global baten parte da, eta 2017tik, urtero-urtero ebaluatzen du klimaren eta osasun publikoaren arteko harremana. Dokumentua 2024ko maiatzaren 23an aurkeztu da Heidelbergeko Unibertsitatean, ikertzaileen, osasun publikoko adituen eta erakundeetako ordezkarien parte hartzearekin.

 TXOSTEN OSORAKO SARBIDEA