Lurzoruaren Munduko Eguna: Urban Klima 2050 ekimenak lurzoruaren osasunerako eta klima aldaketaren aurkako praktikak bultzatzen ditu

2024/12/05

Neiker eta Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (CEA) lurzoruko karbono edukia monitorizatzen eta paisaia degradatuak lehengoratzen ari dira.

Aurten lurzoruak neurtu, monitorizatu eta kudeatzearen garrantzia nabarmentzen duen 2024ko Lurzoruaren Munduko Egunaren esparruan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadin lurzoruen osasuna hobetzeko eta klima aldaketa arintzeko egiten ari diren ekintzak nabarmendu nahi ditu. Horretarako, Óscar del Hierro Cerezo Neiker-eko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzailearekin eta Juan Vilela Lozano CEAko mendi ingeniari eta paisajistarekin harremanetan jarri ginen, beren lanaz hitz egin diezaguten, eta gidatzen dituzten proiektu pilotuen bidez Nazio Batuek aurtengo Lurzoruaren Munduko Egunerako aukeratutako gaiari nola laguntzen dioten azaltzeko.

 

Neiker: lurzoruko karbono organikoaren neurketa

Urban Klima 2050 ekimenaren esparruan, Neiker buru da lurzoruaren laginak hartzen, azpiegitura berdeko hainbat esku-hartzek lurzoruaren karbono edukian duten eragina aztertzeko. Óscar del Hierro Cerezok jarduera horiek eta horien helburuak azaldu ditu.

Galdera: Zer lortzea espero duzue?

Erantzuna: Epe luzerako helburua da ebaluatzea ea esku-hartzeek lurzoruen karbono edukia hobetzen/areagotzen laguntzen duten. Lurzoruaren karbono organikoa handitu nahi da, atmosferako CO2 kontzentrazioa murriztuz eta, horrela, klima aldaketa arintzen lagunduz.

Gaur egun, karbono organikoa eta lurzoruetan duen aldaketa kuantifikatzeko hainbat modu daude: neurketa zuzena edo modelizazioaren edo teledetekzioaren bidezkoa. Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan, neurketa zuzena egitea erabaki da, hau da, landako lurzoruaren laginketak eginez eta horien laborategiko laginen analisiak eginez. Nahiz eta metodo zuzena konbentzionalagoa izan, lurzoruen aldakortasun espaziala eta tenporala jasotzeko aukera emango digu; karbono-stocken aldaketak zeri zor zaizkion identifikatzeko (adibidez, kokapenen praktika agronomikoak edo kokalekuen kudeaketakoak direla eta); lurzoruetan finkatutako CO2 atmosferikoa kuantifikatzeko; eta gaur egun erabiltzen diren estimazio ereduak hobetzeko, kalkuluen ziurgabetasuna murriztuz.

Galdera: Eta zeinen garrantzitsua da informazio hori edukitzea?

Erantzuna: Proiektuan lortzen ari diren emaitzek oso informazio baliotsua ematen dute lurzorua kudeatzeko praktika jakin batzuen inplementazioari egotz dakizkiokeen karbono-stockaren aldaketak zenbatestea ahalbidetuko duten metodologiak ezartzeko eta baliozkotzeko.

Lurzoruen zuzeneko neurketa (laginketa) eta zeharkakoa (ereduak eta teledetekzioa) behar bezala konbinatuko dituen metodo bat garatzeak laginketari eta analitikei lotutako kostu ekonomiko handia murriztu lezake, eta horien kuantifikazioaren ziurgabetasuna murriztu. Eta garrantzitsua da hori guztia metodo garden eta sendo baten bidez egitea, Europar Batasunean ezartzen ari diren ziurtagiriaren eta arauen arabera (ziurtapen-esparrua).

 

CEA: Jundizko (Gasteiz) ingurunea berreskuratzea

Aldi berean, Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (CEA), hiriko Udalarekin lankidetzan, Jundizko parkearen ingurunea lehengoratzeko lanen buru da. Gune horretan, Neiker-ek lurzoruaren laginak hartzen ditu esku-hartzearen aurretik eta ondoren, eta kontrolik gabeko isurketen eta lurzoruaren trinkotzearen ondorioz oso degradatuta zegoen. Juan Vilela Lozanok deskribatzen du proiektu hau.

Galdera: Zer arazo zituen Jundizko inguruak lurzoruei dagokienez?

Erantzuna: Jundizko industrialdearen inguruan eremu publiko abandonatuak zeuden, lurrak betetzeko eta eraikuntzako material geldoetarako erabili izan zirenak, eta, ondoren, kontrolatu gabeko azaleko isurketen eta legez kanpoko jardueren ondorioz degradatuz joan zirenak. Abiapuntua zatitutako paisaiak ziren, azpiegitura grisa nagusi zituztenak, eta ondare-, natura- eta nortasun-balioak erabat murriztuta. Lurzoruak egoera txarrean zeuden hainbat inpakturen ondorioz: trinkotzea, materia organikoa galtzea, metalek eta konposatu organikoek eragindako kutsadura, etab.

Galdera: Eta zer eginkizun izango dute Jundiz parkeko lurzoruek etorkizunean?

Erantzuna: Leheneratze-prozesu mailakatu baten ondoren, lehenik lurzoruaren osasuna eta funtzio ekologikoak berreskuratzera bideratuta, topografia berri bat eta azpiegitura berde bat ezarri ziren, hainbat zerbitzu ekosistemiko sortzera bideratuta. Honako zerbitzu hauek lehenetsi ziren: zarata murriztea (lur-dikeak), karbonoa bahitzea (bai lurzoruan, bai landaketetan) eta kutsadura murriztea (atmosferikoa eta lurzorua bera, fitorremediazio-partzelen bidez).

Horrek guztiak lagundu du klima aldaketaren aurkako borrokan eta ingurunearen paisaia kalitatea berreskuratzen. Etorkizunera begira, beste zerbitzu batzuk handitzen ari dira, hala nola erabilera publikoa (herriak, parkea bera eta Gasteizko hiria lotzen dituen bide sare inplementatuaren bidez) edo biodibertsitatea, adibidez, laboreei lotutako hegazti-fauna edo sortu diren aldi baterako putzuetan umatzen diren anfibioak.

 

Urban Klima 2050: zazpi proiektu pilotu

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak, C.4.2 ekintzaren bidez (Hiri- eta landa-loturaren hobekuntzarako eta lurraldearen erresilientziarako funtsezko azpiegitura berdea), zazpi proiektu pilotu garatzen ditu hiru lurralde historikoetan banatuta, lurzoru degradatuak lehengoratzetik lurzoruak gaitasun agrologikoaren arabera sailkatzeraino, eta azpiegitura berdeak lurraldearen erresilientzian funtsezko tresna gisa duen garrantzia nabarmentzen dute.

Bermeoko Tonpoiko gune naturala berreskuratzeko, Gasteizko Aramangelu/Basaldea parkean nekazaritza ekologikoa sustatzeko edo espezie autoktonoak landatuz Donostiako Oberan mendia lehengoratzeko proiektu pilotuez harago, Urban Klima 2050 ekimenak ekintza transbertsal bat hedatzen du horietara guztietara, eta, horren bidez, Neiker leku bakoitzeko lurzoruaren laginak hartzen ari da, esku-hartze horiek lurzoruaren karbono edukian duten eragina aztertzeko.

Urban Klima 2050 proiektuko ekintzek, lurzoruaren garrantzia lurraldearen jasangarritasunerako ezinbesteko baliabide gisa ez ezik, klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko elementu gisa ere azpimarratzen dute. Proiektuak aurrera egiten jarraitzen du lurzoruaren neurketan eta lehengoratzean, klima egokitzeko eta arintzeko funtsezko estrategia gisa, eta Euskadi erreferente gisa kokatzen du lurzoruaren kudeaketa jasangarrian.