Mikel Jauregi: "Euskadiko biztanleen % 76 klima-aldaketaz kezkatuta dago eta horrek berriztagarriak hedatzen jarraitzera behartzen gaitu"
2024/10/25
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik biztanleriak klimari eta energiari dagokienez dituen hautemateen inguruko azken azterlanaren datuen berri eman du. Horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 75ek uste du trantsizio energetikoak eta klimatikoak, erronkak ekartzeaz gain, ekonomia-abagune berriak ere ekarriko dituela Euskadirako.
Klima eta Energiaren Ekobarometroaren arabera, biztanleen % 58 bere ingurunean energia berriztagarriko sorkuntza parke bat izatearen alde dago eta % 72k uste du klima-aldaketaren aurka borrokatzeko erosotasunei uko egin beharko diegula guztiek.
Mikel Jauregi sailburuak adierazi du “gizartea energia berriztagarria sortzeko proiektu berriak ezartzeko premiaz jakitun egin beharra dagoela”.
Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna den honetan Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak EEE-Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin batera egin duen Klima eta Energiaren Ekobarometroaren (biztanleek trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruz duten hautematea ezagutzeko azterlana) azken emaitzak baloratu ditu. Aurkezpenean, aipatu bi sozietate publikoetako zuzendari nagusi Mikel Amundarainek eta Alex Botok ere parte hartu dute.
Azterlanetik ateratako emaitza nagusienetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko 4 pertsonatik 3k uste duela trantsizio energetikoak eta klimatikoak abagune berriak ekarriko dituela euskal ekonomiarako. Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, “herri gisa ezin dugu sorkuntza energetikoaren % 8 soil-soilik utzi bitarteko berriztagarrien esku. Euskal Autonomia Erkidegoak, esaterako, haize-parke bat diseinatu, planifikatu, eraiki eta ustiatzeko industria-kate osoa dauka eta, ondorioz, jauzi kualitatibo bat eman eta gure lurraldean haize-parke berriak eraikitzeko garaia iritsi da. Euskal Autonomia Erkidegoko % 75ek uste du trantsizio energetikoak eta klimatikoak abagune berriak ekarriko dituela gure ekonomiarako eta horiei probetxu ateratzeko garaia da. Gure belaunaldiari dagokio klima-aldaketari irtenbide bat ematea. Orain da eta guri tokatzen zaigu”.
Sailburuak, era berean, berriztagarriak proiektu handi berrien bitartez hedatzeko herritarrek eta erakundeek partekatu beharko dituzten erantzukizuna eta konpromisoa aldarrikatu ditu. “Beste herrialde batzuetan nagusi den klima aldaketaren negazionismoaren aurrean, EAEko biztanleen % 76 klima-aldaketaz kezkatuta dago. Hiritar-kontzientzia izugarria daukagu, une historiko bati aurre egin ahal izateko. Eta gehiengoaren babes hori aprobetxatu beharra dago jauzi kualitatiboa eman eta energia berriztagarrien proiektu berriak hedatzeko. Azken urteotan asko egin dugu aurrera efizientzia energetikoari eta autokontsumoari dagokienez, baina haize- eta eguzki-proiektu handiagoak ezarri behar ditugu. Ezinezkoa da gure industria gure etxeetako teilatuen jarritako eguzki-panelak baino ez erabiliz elikatzea”.
Ekobarometroaren arabera, euskal biztanleek 7,5 puntu eman dizkiote (1 eta 10 arteko eskalan) klima-aldaketaren larritasunari. Ondokoak dira klima-aldaketari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean hedatuen dauden sentimenduak: “ezintasuna” (% 49k bi sentimendu nagusien artean kokatu du), “haserrea” (% 39k) eta “beldurra” (% 31k). Biztanleen ustez Euskal Autonomia Erkidegoan aukera gehienekin pairatuko ei ditugun ondorioak, bestalde, honako hauek dira: bero-boladak maizago (aukera dezente edo asko % 86rentzat), itsas mailaren igoera (% 82rentzat) eta uholdeen maiztasunaren igoera (% 78rentzat).
Jauregik ohartu du dagoeneko klima-aldaketaren lehen eraginak nabari daitezkeela Euskal Autonomia Erkidegoan, “geroz eta kontzienteago baikara klima-aldaketaren ondoriozko muturreko fenomenoez: bero-bolada arruntak udan eta uholdeak dakartzaten eurite handi eta jarraituak neguan. Bide horretan, trantsizio energetikoa ezinbestekoa da eta bere mende daude, gure ekonomia ez ezik, baita gure elikadura, gure osasuna, biodibertsitatea eta natura-ingurunea eta, funtsean, gure bizirautea ere”.
Hoberen baloratutako energia motak
Lurraldean bultzatu beharko liratekeen energia moten inguruko galderaren aurrean, EAEko biztanleek eguzki-energia (8,1, 1 eta 10 arteko eskalan), itsas-energia (7,9), haize-energia (7,7), geotermia (7,5), biomasa (6,5), hidrogenoa (6,4) eta gas naturala (5,5) aipatu dituzte. Biztanleriaren arabera, petrolioaren deribatuak eta indar nuklearra lirateke gutxien bultzatu beharko liratekeenak (3,9 eta 2,6, hurrenez hurren).
Nabarmendu beharreko beste datu bat da 10 pertsonatik ia 7ren (% 69) ustez lasaitasunez aztertu behar direla energia-instalazio berriztagarrien inpaktuak, nahiz eta horrek klima-aldaketaren aurkako borrokaren geldotzea suposatu.
Mikel Jauregi sailburuak adierazi du “gizartea energia berriztagarria sortzeko proiektu berriak ezartzeko premiaz jakitun egin beharra dagoela”. Biztanleen % 58 bere ingurunean energia berriztagarriko sorkuntza parke bat izatearen alde dago eta % 72k uste du klima-aldaketaren aurka borrokatzeko erosotasunei uko egin beharko diegula guztiek. “Guretzat, zenbaki horiek herritarren agindu edo mandatu bat dira bide honetatik aurrera egiten jarraitzeko, baina egia da ere ezinbestekoa dela pedagogia eta sozializazio horiek indartzea babes-portzentaje hori areagotzeko eta biztanleek berriztagarriek ekarriko dituzten gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-onurak benetan ezagut ditzaten”.
Bestalde, galderei erantzun dieten pertsonen gehiengoa ados agertu da aipatu zaizkion klima-aldaketaren aurkako neurriekin; ondokoekin hain zuzen ere: jabekideen kidegoak kontsumituko duten energia sortzeko gaitasuna duten instalazioak edukitzera behartzea (% 58 erabat edo nahiko ados dago), kutsatzen duten ibilgailuen sarbidea debekatzea hirietara (% 56), zerga handiagoak ezartzea gehiago kutsatzen duten ibilgailuei (% 56) eta berdegune gehiago eraikitzea, aparkalekuak kenduz (% 55).
Jauregik euskal industriak egin duen esfortzua ere aitortu nahi izan du. “Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreak, Basque Net Zero Industrial Super Cluster izeneko ekimena buru duela, urte asko daramatza esfortzu handia eginaz isuri garbiak 2050. urterako desagerrarazteko, apustu esanguratsua eginaz deskarbonizazioaren eta berriztagarrien bidezko autohornidura energetikoaren alde. Trantsizio energetikoa guztion erronka da, guztioi dagokiguna. Industriak bezala, gainerako sektoreek eta gizarteak berak, bide horretan aurrera egin behar dugu, bakoitzak bere eremutik, atzean gera ez gaitezen”.
“Herri gisa, ezin dugu atzean geratu eta energia-hornidurari dagokionez hirugarrenen mende egoten jarraitu. Orain dela gutxi mendekotasun horren ondorioak pairatu ditugu, gure ekonomia, gure enpresen lehiakortasuna eta gure familien poltsikoak kaltetu dituen prezio-igoera handi batekin, gasari lotua egon dena. Berriztagarrien aldeko apustu garbia egiteko unea iritsi da, klima-aldaketa gelditzeko ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoa etorkizunean energetikoki subirano izan dadin”.
ASTEKLIMA, Klima eta Energiaren Astea
Zentzu horretan, Jauregik azpimarratu du “iragan otsailean Legebiltzarraren gehiengo handiaren (legebiltzarkideen % 82) babesarekin onartu zen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak esleitzen dizkigun erreminta berriez baliatu behar dugula hiritarren kontzientziazioa areagotzeko”. Eta, hain zuzen ere, urriaren 18tik 27ra arte ASTEKLIMA, Klima eta Energiaren Astea ospatzen ari gara, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailak EEEren eta Ihoberen bitartez sustatu duena, trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren erronkak hiritarren agendan txertatzeko xedearekin.
“Klima-aldaketaren aurkako borrokaren arrakasta edo porrota anbizio handiko proiektuak bultzatzeko gaitasunaren mende egongo da, babesak gehitzeko gaitasunaren mende. Partekatu beharreko, maila anitzeko eskala batetik aurre egin beharko dugun erronka bat da. Erronka handi honen tamaina gizartean barreiatu beharra dago, eta herri honetako pertsona guzti-guztiak horren protagonista bilakatu. Keinu bakoitza, ekintza bakoitza, den txikiena ere, garrantzitsua izango da”, gaineratu du Jauregik.
Azterlanari buruz
Biztanleek trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruz duten hautematea ezagutzeko azterlan hau Eusko Jaurlaritzak egin duen segidaren hirugarrena da, 2017ko eta 2021eko horien atzetik. Landa-lana 2024ko irailaren 9a eta 20a bitartean egin zen. Horretarako, telefono bidezko bana-banako elkarrizketaz egin ziren, galde-sorta egituratu eta itxi bat erabiliz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren biztanleriaren adierazgarria den lagin bat hartuz.
Laginak 18 urtetik gorako 1.845 pertsona bildu zituen Euskal Autonomia Erkidego osorako: 436 Araban, 768 Bizkaian eta 641 Gipuzkoan.
Informazio gehiago Ihoberen webgunean argitaratutako hurrengo azterketan: Klima aldaketa eta energia-trantsizioa 2024