Mutrikuko Ekologia Jardunaldietan hiri-espazioak naturalizatzearen garrantzia azpimarratu du Urban Klima 2050ek
2022/12/15
Iragan abenduaren 1ean, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Mutrikuko Ekologiako Jardunaldietan parte hartu zuen, eta hiriguneetan berdeguneak izateak ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen onurak nabarmendu zituen.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak itxi ditu azaroan eta abenduan Mutrikun egin diren Ekologiako Jardunaldiak. Kostako udalerriko Udalak antolatu du 2022ko edizioa, eta, horri esker, herritarrak klima-aldaketak dakartzan erronkez eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko ditugun tresnez sentsibilizatu dira.
Antonio Aretxabala geologoak eta Estibaliz Díaz AZTIko teknikaria eta Biologiako doktoreak azaroan emandako hitzaldien ondoren, abenduaren 1ean Iñigo Urrutikoetxea Alvarez Urban Klima 2050en talde koordinatzaileko kideak parte hartu du. ‘Berdeguneen funtzioak hiri barnean’ hitzaldiarekin, hiri-espazioak naturalizatzearen garrantzia eta horrek ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen eragin positiboak jakinarazi dizkie bertaratuei.
Azken 150 urteetan euskal hiriguneek izan duten hedapen orokorraren eta klima-aldaketaren ondorio argien arteko elkarrekikotasunari buruzko azterketa labur baten ondoren, Urrutikoetxeak Irtenbide Naturalak (Nature Based Solutions, ingelesez, NBS) aurkeztu ditu, “ezartzeko errazak diren hirientzako eta herrientzako konponbide berritzaile gisa, hiri-birsorkuntza eta klima-aldaketa bezalako erronkei aurre egiteko”. Gainera, adierazi duenez, “irtenbide horiek hainbat ezarpen-eskalatan aplika daitezke (eraikinak, drainatze-sistemak, espazio publikoak, garraio-azpiegiturak edo baita kostak ere), eta hiri-konfigurazio berdeagoa eta osasungarriagoa lortzen laguntzen dute”.
Bermeoko Tonpoiko natur gunea berreskuratzea eta Bakioko Estepona ibaiaren ibilguaren ondoan uholde-arriskua murrizteko urpean gera daitezkeen guneak sortzea, biak ere Urban Klima 2050 proiektuaren barruan, lurraldearen erresilientzia hobetzeko konponbide-mota horien adibide izan dira. Urrutikoetxeak beste adibide asko ere aipatu ditu, besteak beste, Gasteizek nazioarte mailan ezagunaduen eraztun berdea edo Donostiarentzat garatutako konponbide naturalen mapa potentziala.
Hitzaldiaren amaieran, berdeguneak hiriguneetan sartzeak dakartzan onurak aztertu dira. Esan duenez, onura horiek “ez diote ingurumenari bakarrik eragiten, baita pertsonen osasun fisiko eta mentalari eta ekonomiari ere”. Ildo horretatik, esan du “berdegune gehiago eta hobeak dituzten hiri eta herriek zuzenean laguntzen dutela, besteak beste, uraren, lurzoruaren eta airearen kalitatea hobetzen, hiri-espazioen lotura hobetzen, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen, edo lurzoruaren eta jabetzaren balioa handitzen”.