NEIKERek Euskadiko eltxo inbaditzaileen zaintzan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu Montpellierren
2024/10/29
Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak Bektoreen Ekologia Elkartearen 23. Konferentzian hartu du parte, eta bertan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu barne Euskadin 21 eltxo espezie aurkitu dituen ikerketa aurkeztu du.
NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak Frantziako Montpellier hirian egin den Bektoreen Ekologia Elkartearen 23. konferentzian (ESOVE 2024) hartu du parte.
Bertan, Euskadiko eltxo inbaditzaileen zaintzan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu. Ikerketa hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren C.3.1 ekintzaren barruan dago: Klima-aldaketa osasun-politiketan integratzea.
Azterketa NEIKEReko Animalia Osasuneko Sailak egin zuen 2019an eta 2020an, eta bertan, 21 eltxo espezie aurkitu ziren EAEko hirietako berdeguneetan. Gainera, ikerketan, eltxoek gaixotasunen transmisioan duten zeregin handia azpimarratzen da, eta arrisku horiek arintzeko kudeaketa estrategia jasangarriak garatu behar direla esaten du. Gomendioen artean hauek daude:
- Uraren kudeaketa: Hiriguneetan ur geldi metaketa-puntuak kontrolatzea.
- Berdeguneen mantentze-lanak: Landarediaren kudeaketa eta azpiegitura optimizatzea, eltxoentzat egokiak diren habitatak murrizteko.
- Monitorizazio erregularra: Eltxoen populazioa kontrolatzeko etengabeko monitorizazio programak ezartzea.
- Hezkuntza publikoa: Herritarrei eltxoen ugaltzea murrizteko prebentzio neurriak irakatsi.
ESOVE Konferentzia
ESOVE konferentzia medikuntzako eta albaitaritzako entomologia komunitateek aintzat hartzen duten nazioarteko biltzarra da. Vectopole Sud sareak antolatzen du, hau da, Occitanie eskualdeko 7 kide ikertzailek: Cirad, CNRS, INRAE, IRD, Montpellierreko Unibertsitatea, Toulouseko Albaitaritza Eskola eta EID Méditerranée, bektoreak kontrolatzeko Frantziako operadore publiko nagusia. Konferentziaren helburua bektore eta izurriteen zaintza, alerta eta kontrol berritzailerako lankidetzako, sektore anitzeko eta diziplinarteko ikerketan aurrera egitea da.