Urban Klima 2050 Ekoetxea sarean partekatzen ditu herritarrei zuzendutako ekintza klimatikoko esperientziak
2023/04/25
Urban Klima 2050en web orrian, Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak klima-aldaketari buruz programatutako esperientziak daude.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarearekin, Ekoetxearekin, bat egin du, planeta zaintzeko eta hurrengo belaunaldientzat gure natura- eta kultura-ondarea bermatuko duen etorkizuna babesteko duen konpromisoarekin. Horretarako, hemendik aurrera, Ekoetxea Sareak klima-aldaketaren arloan eskaintzen dituen esperientzien berri emango du Urban Klima 2050 proiektuak, bere webguneko hainbat atalen bidez.
Ekoetxea Sareak esperientzia interaktibo, benetako eta murgilgarrien eskaintza zabala du hainbat arlotan (besteak beste, klima-aldaketa), herritarrak aldaketaren parte izateko eta pentsatzeko eta jarduteko modu iraunkorragoetarako aldaketa ekosoziala bultzatzeko.
Sarea osatzen duten lau Ekoetxeek -Urdaibai, Meatzaldea, Azpeitia eta Txingudi- biodibertsitateari, ekonomia zirkularrari eta klima-aldaketari buruzko esperientziak eskaintzen dituzte astebururo, tailerrak, bisitak, jolasak eta ikuskizunak barne. Azken horiek, hemendik aurrera, Urban Klima 2050 proiektuaren webgunean ere eskuragarri daude, hasierako orriaren, Agenda atalaren edo 7.1 ekintzaren atal espezifikoaren bidez (Herritarrak prestatzea), eta Urban Klima 2050ek herritarrak klima-jardueran inplikatzeko antolatutako jarduerekin osatzen dira. Atal horietan, erabiltzaileek zera kontsultatu ahal izango dute: esperientzia bakoitza zein zentrotan garatzen den eta zer den, eguna eta ordutegia, prezioa eta zein ikuslerentzat den.