Urban Klima 2050 naturan oinarritutako konponbideetan eta gobernantza klimatikoan erreferentzia gisa aurkeztu dute Bruselan

2026/2/17

Regions4 sare europarrak NATURANCE Finance Innovation Festival 2026 ekitaldian aurkeztu du proiektua, gobernantza klimatiko eta hiri-egokitzapen eredu gisa. 

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua NATURANCE Finance Innovation Festival 2026 ekitaldiaren parte izan zen. Jardunaldia natura finantzatzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko Europako erreferentziazko bilera da, eta Bruselan egin zen otsailaren 3tik 5era. Regions4 sareak aurkeztu zuen proiektua nazioarteko foro horretan, eta Euskadiren eta Ihoberen ahaleginak azpimarratu zituen. 

Urban Klima 2050 kasu praktiko gisa aurkeztu zuen “Seeds of Change: Citizens & Cities” saio interaktiboan. Saioaren gai nagusiak herritarren parte-hartzea eta Naturan Oinarritutako Konponbideak (NBS) hiri-inguruneetan ezartzeko prozesuak izan ziren. Saioan zehar, proiektuaren ikuspegia azaldu zuen: ekintza klimatikoa, hiri-plangintza eta maila anitzeko gobernantza kontuan hartzea klima-aldaketaren aurrean lurraldearen erresilientzia indartzeko. 

Aurkezpena ekitaldiaren hirugarren egunean egin zuen. Egun horretan, eragin kolektiboa eta proiektuen ondarea izan ziren gai nagusiak, eta europar proiektuen esperientziak, kasu praktikoak eta herritarren ikuspegia aurkeztu ziren. Azken saioetan ikuspegiak eskalagarriak izan behar direla eta tokiko testuingurura egokitu behar direla azpimarratu zen. Gainera, NBSak, datuak eta finantzaketa elkartu behar direla ere nabarmendu zen, erresilientzia indartzeko, ekitatea sustatzeko eta tokiko ekimenak Europako estrategiekin lotzeko. 

Testuinguru horretan, Urban Klima 2050 programaren aurkezpenak interes handia piztu zuen, eta entzuleek bereziki baloratu zuten Euskadik gobernantza klimatiko arloan duen ikuspegi integratua, hainbat erakunde eta sektoretan antolatuta. 

NATURANCE Finance Innovation Festival-ean 150 pertsona baino gehiago hartu zuten parte egunero: Europa osoko arduradun politikok, ikertzailek, finantza-erakundek eta profesionalek. Ekitaldia funtsezko plataforma bilakatu da egokitzapenaren eta naturaren finantzaketari lotutako mundu osoko komunitatearen aurrean Euskadik ekintza klimatikoan duen lidergoa ikusarazteko. 

Regions4 plataformak Urban Klima 2050 kasua bere Case Study Database datubasean jarri zuen, eta jada 1.300 aldiz deskargatu dute artxiboa. Horrek proiektuak eta Euskadin garatzen ari den ekintza klimatikoaren ereduak nazioartean piztu duten interes handia adierazten du. 

Kasu praktikoa esteka honetan irakur dezakezu: https://regions4.org/csd/urban-klima-2050 /