Urban Klima 2050ek proiektuaren aurrerapenak aztertu eta azken fasea planifikatu du batzorde teknikoan

2025/11/10

Erakunde bazkideek ekintzetan egindako aurrerapenak eta lankidetzarako aukera berriak aztertu dituzte, 2026an Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena ixteko. 

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren batzorde teknikoak beste bilera bat egin zuen azaroaren 4an, eta bertan bazkide diren 23 erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten. Saioan, proiektuaren aurrerapen teknikoak eta administratiboak errepasatu zituzten, egindako lanaren balantzea egin zuten, eta hurrengo urratsak zehaztu ziren, proiektua gauzatzeko azken txanpara begira. 

Topaketan, proiektuaren azken amendment-a aurkeztu zuten: Urban Klima 2050 proiektuaren iraupena 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzen duen LIFE akordioaren aldaketa, hain zuzen ere. Hedapen horri esker, plangintza- eta aurrekontu-doikuntzak behar izan dituzten hainbat ekintza tekniko behar bezala amaituko ahal izatea bermatu da. 

Hurrengoetan dute eragina aldaketa horiek: ekintza tekniko eta erakusleei, energia berriztagarrietan oinarrituak esaterako, kostaldeko eremuetako egokitzapenean, herritarren hezkuntzan eta zientzian edo gobernantza klimatikoan. Aldaketa horiek proiektuaren izaera berritzailea eta errepikagarria indartzen dute, eta tokiko inplikazioa sendotzen dute ekimen berrietan, hala nola Gernikako babesleku klimatikoen sarean. 

Ekintza bakoitzeko liderrak bere eremuko aurrerapenak aurkeztu zituen, eta honako hauek nabarmendu zituzten: aldaketa klimatikoa hiri- eta lurralde-plangintzan txertatzeko aurrerapena, naturan oinarritutako konponbideak garatzea hiri-, ibai- eta kosta-inguruneetan, eta mugikortasun jasangarriko, komunikazioko eta sentsibilizazioko ekintzak. 

Bilera horri esker, halaber, proiektuaren balantze globala egin ahal izan zen (erakunde bazkideen gogobetetzearen batez besteko balorazioa 10etik 8,2koa izan zen), lorpen eta erronka nagusiak partekatu ziren, eta lankidetza-aukera berriak aztertu ziren erakunde bazkideen artean. Azkenik, hurrengo mugarri administratiboak eta finantzarioak zehaztu ziren, 2025ean amaitzen diren ekintzen justifikazio teknikoak eta 2026ko amaierarako aurreikusitako itxiera-ekitaldiaren prestaketa, besteak beste. 

Ihobek gidatuta, Eusko Jaurlaritzaren ingurumeneko sozietate publikoak, Urban Klima 2050, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena da, eta Euskadiko energia-klima plangintza hedatzea eta lurraldearen erresilientzia lortzea du helburu, klima-aldaketaren ondorioen aurrean.