Zorrotzako Txinbo Parkearen eta Kadagua ibaiaren arteko elkargunea hobetuko dute, naturan oinarritutako konponbideak erabiliz

2026/2/25

Ekintza LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da, eta helburu hauek lortuko ditu: plataforma naturalen bidez, ibaiarekiko lotura ekologikoa hobetzea; ibaiertza leheneratzea; eta ur-goraldiak daudenean, uholde arriskua murriztea. 

Bilboko Udalak paisaia eta ingurumena egokitzeko ekintza sustatuko du Zorrotzako Txinbo parkean. Horrela, parkearen eta Kadagua ibaiaren arteko lotura hobetu nahi du, eta inguruneko erresilientzia klimatikoa indartu. 

Jarduera LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren parte da, eta C.4.1 "Naturan oinarritutako irtenbideak eta halakoen elkarrekiko onurak" ekintzaren barruan sartzen da. Ekintza horrek naturan oinarritutako konponbideak ezartzea bultzatzen du, hiriguneek klima-aldaketaren aurrean egokitzeko duten gaitasuna handitzeko eta, gainera, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onurak sortzeko. 

Proiektuan, parkea Kadaguako ibilgurantz fisikoki eta bisualki irekiko dute. Horretarako, zurezko plataforma mailakatuak jarriko dituzte, ibaira pixkanaka hurbildu ahal izateko eta egoteko eremu berriak sortzeko. Gainera, ibaiertza hobetzeko eta birnaturalizatzeko plana dago; bertako landaredia landatuko dute eta ibai-eremua egokituko dute. 

Ikuspegi teknikotik, lekuaren iragazkortasun ekologikoa handituko dute, ibai-ekosistemaren funtzio naturalak berreskuratuko dituzte, eta ur-goraldiak egon ezkero haiek moteltzeko gaitasuna hobetuko dute. Parkearen eta ibaiaren arteko konexioa handituz, hirigunea etorkizuneko klima-egoeretara hobeto egokitu ahal izango da. 

Ingurumenerako onurak izateaz gain, ekintza horrek gizarte onurak ere sortuko ditu: berdegunearen erabilera publikoa indartuko du eta Zorrotza auzoaren eta ibai-sistemaren arteko harremana indartuko du. Gainera, hiriguneak klimara egokitzeko azpiegitura berdeak duen garrantzia sendotuko du. 

Bilboko Udalak lehiaketara atera berri ditu lan horiek, eta 273.730 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Esleitu ondoren, lanak bi hilabete eta erdian amaitzea espero da.